XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez Mari, hau Euskalerria dun; hau Bilbo eta bere ingurua dun.

Bilbo! Bizkaia! Ezin leike! Itxura honegaz? Baia, badakik zelakoa zen Bizkaia? Ibaizabal ballera? Ez Aizpekolandako semea, esaistak hau Bizkaia ez dala, esaistak guzurretan abillela.

Ez Mari, ez naun gezurretan ari.

Hau dun Santimamiñe, Anboto eta hainbeste toki maitagarrien lurraldea.

Baia, esaik, Bilbo zelan azi dok horrenbeste? Nondik urten dabe horrenbeste jendek? Non ibili zadie eta zeini begira horreik etxadi itsusiak egiterakoan?

Gure kondaira dohakabeak huntarat ekarri giatin.

Aspaldi huntako gerla guztiak galdu ditinagu eta ondorioz gero eta desjabetuagorik gelditu gaitun, besteen menpean - erran zion Ekainek -.

Bide okerretik abiatzearekin itsumustuka ibili gaitun eta tipustapasko gauza aunitz egin izan ditun.

Besteak beste, irabazbide errazako lantegi merkeak, langile ugari behar zitenen lantegiak eta langile horiek kanpotik etorri behar izan zitenen.

Hemen erdiak baino gehiago kanpotarrak ditun.

Eta Bilbo bezalatsu beste iri asko ere baditun, ttipiagoak baditun ere; ez bakarrik Bizkaian, Gipuzkoan eta besteetan ere bai. Euskara, naski, itoa.

Alan ba, euskaldunak lantegiak egin dozuez ez zeuen egoeraren arioan, kanpotikakoenean baiño? Baia zelan dok hori?

Astekotz eta bat, kanpotiar aginpean gintunan eta gaitun; giro hortan, lotuak eta ahalduak, ugaritu egin zitunan intresdun merkeko giza-sailak, beren probetxurako baizik aritzen ez zitunenak, kanpotiar agintearekin batera.

Bitartean, herri maillako helburuak eta xedeak zehar-bidetan galdu eta usteldu egin zitunan.